Historia del Museo de Armas EUS

Historia del Museo de Armas

Museoaren historia

1941. urteaz geroztik, artean Arabako Etxea edo Lurraldeko Museoa zeritzon eraikinean, arma bilduma erakusten zen eta bilduma horretan oso pieza esanguratsuak gordetzen ziren, hala nola, XV. eta XVIII. mendeen arteko ezpatak, armadurak edo baleztak. Horiek guztiak garai horretan museoan erakusten ziren izaera orokorreko funtsen gordailu gisa -artea, arkeologia, numismatika…- jasota zeuden.

1963. urtean, Gasteizko Gudua gertatu zenetik 150. urteurrena zela eta omenezko ekitaldiren bat antolatzeko helburuz, erakusketa handia jarri zen hainbat erakunderen ekimenez “El Portalon” eraikin historikoan. Erakusketa hartan, Independentzia Gerrari lotutako arma, dokumentu eta askotariko objektuak erakutsi ziren, batez ere, Gasteizko Gudari lotutakoak. Han bildutako funtsak, besteak beste, Arabako Foru Aldundiarenak, Gasteizko Udalarenak eta bildumazale pribatu batzuenak ziren, baina pribatuen artean, Gasteizko enpresaburu, mezenas eta bildumagile Félix Alfaro Fournier nabarmendu behar dugu, herrialde eta garai askotako arma bilduma garrantzitsua osatu baitzuen.

Erakusketak izan zuen arrakastaren ondorioz, funtsak modu iraunkorrean erakustea erabaki zen. Gainera, bilduma arian-arian handitzen joan zen dohaintza eta erosketei esker, eta bilduma osatu, egonkor eta antolatuago bilakatu zen. Helburu horrekin bat etorriz, Félix Alfaro Fournier jaunak bilduma osoa eman zion dohaintzan 1966. urtean Arabako Foru Aldundiari eta, urte horretan bertan, Arkeologia Museoaren aldamenean, Arabako Arma Museoa zabaldu zen Gobeo-Guevara San Juan familiaren Arma Etxean, Gasteizko alde zaharraren bihotzean.

 

Historia del Museo de Armas

 

Espazio falta agerikoa izan zen berehalakoan eta, beraz, beste kokaleku bat bilatu behar izan zen. Eta Arabako Foru Aldundiak Ajuria Enea jauregia eskuratu zuenean Euskal Artearen Museoa bertan kokatzeko, alboko eraikin bat baliatu zen Arabako Arma Museoa egokitzeko. 1975. urtean, bildumaren funtsa guztiak hara eraman ziren eta gaurdaino egon dira bertan gordeta.

 

Historia del Museo de Armas