Detalle - armamuseoa
Eduki publikatzailea

Nabarmendutako piezak
Sare-kota
Tamaina bertsuko burdinazko eraztunez (10 mm-ko kanpo-diametroa eta 1 mm-tik gorako lodiera) osatutako loriga. Uztai batzuk puntzoiekin eginak eta beste batzuk alanbrarekin, ertzak errematxe baten bidez ixten dira eta uztai bakoitzak beste lau lotzen ditu; beraz, sarea "4-1" motakoa da. Europan fabrikatutako gehien-gehienak bezala.
Ale hau 1883an aurkitu zuten, Montehermoso jauregiko lorategian, bertan Gasteizko udal ur depositua eraikitzean.
XII. mendea
Altzairua
94 x 43 x 28 cm
[0174 zk]

Nabarmendutako piezak
Samuraien armadura
Multzoa ia osoa mantentzen da. Gorputzeko bizi-atalen babesak altzairuzkoak dira. Armaduraren zatiak sare eta zetazko, kotoizko edo larruzko kordoiekin elkartu dira.
Kaskoa Suji-bachi motakoa da. Bertikalki errematxatutako altzairu-plaka ditu.
Samuraien armadura / Armadura de Samurái by Diputación Foral de Alava / Arabako Foru Aldundia on Sketchfab
Burdinezko maskara kolore beltz eta gorri lakatu zen. Aurpegi erdikoa da, Menpo, Ressei motakoa, aurpegiera gogorra eta bibote.
Edo Aroa, 1603 – 1868
Burdina, larrua, laka urushi beltz eta gorria, zeta, kotoia,, letoia, lihoa, ilea, urrea, adarra
164 x 59 x 44 cm
[0679 zk]

Nabarmendutako piezak
Alaba jeneralaren adar biko kapela
Feltro beltz argizariduneko adar biko kapela espainiarra. Inguruan, zeta beltzezko banda apaingarri bat dago, irazki oso lodiekin eta motibo apaingarriarekin. Eskarapela gorri batez eta zilarrezko galoi metaliko batez apaindua, anagramarik eta ezkuturik gabeko urrezko botoiarekin. Barrualdea larruz eta oihalez estalita dago horma erdian. Eskarapelaren armadura paper berdexkazkoa da.
Miguel Ricardo Alaba Eskibel, Alaba jeneralarena izan zen. Gasteizen jaio zen, 1772ko otsailaren 7an, tradizio militarreko familia noble baten baitan. Bere karreran Espainiako eta Europako historiaren gertaera gogoangarri eta garrantzitsuak bizi izan zituen, gehienbat Independentziako Gerrari edo Frantsesteari lotutakoak.
Trafalgarreko gudan parte hartu zuen eta, zenbait urtetan politikan jardun ondoren, berriro ere sartu zen armadan, frantsesen okupazioaren kontra borroka egiteko. Wellingtonek, penintsulako armada aliatuaren agintea zeukan militar ingelesak, laguntzaile izendatu zuen eta harrezkero harreman profesional eta adiskidantzazko luze eta sendoak izan zituzten. Haren ondoan, borroka garrantzitsuetan hartu zuen parte, esate baterako Fuentes de Oñorokoan, Ciudan Rodrigokoan edo Gasteizko Gudan, bai eta Napoleonek Waterloon izandako azken porrotean ere.
XIX. mendearen lehen laurdena
Feltro argizariduna, artile gorria eta papera
28 x 40 x 23 cm
[0211 zk]

Nabarmendutako piezak
Cánovas del Castillo hiltzeko erabili zen errebolberra
Errebolber hau James Webley ingelesak diseinatutako british bulldog motakoa da. Arma horrek zabalkunde handia izan zuen XIX. mendearen bigarren erdian. Kalibre handiko arma txikiak dira eta txalekoen poltsikoetan eraman zitezkeen. Gainera, diseinu xumea izanagatik ere, oso eraginkorrak ziren. Arma horrek arrakasta izugarria izan zuen mundu osoan eta Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren ere fabrikatu zen.
Erakusketan, Michelle Angiolillo anarkista italiarrak Antonio Cánovas del Castillo gobernuko presidentea hiltzeko erabili zuen arma ikusten da. Hilketa 1897. urtean izan zen, Cánovas del Castillo Arrasateko (Gipuzkoa) Santa Ageda bainu-etxean zegoela. Angiolillo berehala atzeman zuten eta, berak aitortu zuenez, “Montjuic-eko prozesua” deritzonaren ondoren exekutatutako bost anarkistaren heriotzagatik mendeku hartzeko hil zuen Cánovas. Anarkisten epaiketa Gopuzti egunean Bartzelonan izandako atentatuaren ondotik etorri zen. Nolanahi ere, batzuen iritziz, Kubako mugimendu independentistak esku hartu zuen hilketan; hipotesi horren arabera, estatuburua hilda, Estatu Batuen aurkako gerra berehala piztuko zen eta, horren ondorioz, azken koloniak galduko ziren.
Erakutsitako pieza Basilio Augustín Dávila jeneralaren semeak dohaintzan eman zion Arma Museoari. Dávila jeneralak Angiolillo epaitu zuen epaimahaian parte hartu zuen.
XIX. mendearen bigarren erdia
Metala, zura
14 x 17 x 4 cm
[0597 zk]

Nabarmendutako piezak
Gerra eta ehiza balezta alemaniarra
Erdia Aroko Europan arkua eta gezia ez ezik balezta ere erabili ohi zen; azken tresna hori, gaur egun ezagutzen dugun moduan, X. mendetik XI.era bitartean agertu zen. Zenbait garaitan koldarren armatzat hartua izan zen, eta nobleziak eta elizak ahaleginak egin zituzten haren erabilera galarazteko, baina hain zen ahaltsua eta erabilerraza, ezen itsasoko nahiz lehorreko borroka eta gerretan ohiko lanabes bihurtu baitzen XIII. mendetik XV.era bitartean. Tarte hori gaindituta, gehienbat ehizarako erabiltzen jarraitu zuten.
Gerra eta ehiza balezta alemaniar honetan ikusten den bezala, altzairuzko arku labur batek eta zeharka lotzen den taula batek osatzen dute baleztaren egitura. Baleztaren taula edo makila, azken batean, apainduta ager daitekeen zurezko euskarri bat besterik ez da. Kasu honetan taula apaindu dute marfilezko inkrustazioak eta loreen nahiz animalien irudiak erabiliz.
Suzko armak agertu baino lehenago, honako hauxe zen armarik aurreratuena eta beldurgarrienetariko bat; izan ere, jaurtitzen zituen metalezko gezi edo dardoak 300 metrora irits zitezkeen eta plakazko armadurak zula zitzaketen. Aitzitik, jaurtiketa erritmoa ez zen handia eta denbora eta indarra behar ziren, arkua berriro ere tenkatu ahal izateko.
XVI. mendea
Zura, metala eta marfila
58 x 61 cm
[0475 zk]

Nabarmendutako piezak
The Glorious victory of Vittoria in Spain
Grabatu honek, Gasteizko Guda izan eta hurrengo hilean argitara eman zenak, borroka lazgarri honen eszenatokiak eta armaden kokapena erakusten ditu; gainera, bestelako datu jakingarriak ere ematen ditu bertan azaltzen den ingelesezko legendari esker. Bertan honako hauxe irakur daiteke:
Borroka loriatsu hau 1813ko ekainaren 21ean izan zen Gasteiz inguruan, Espainian; borroka horretan Wellingtongo Markes prestu eta beteranoa eta haren agindupeko armada adoretsua frantsesei gailendu zitzaizkien, 151 kanoi pieza, 415 gurdi bete munizio, haien ekipaje, hornigai, ganadu eta altxor guztiak lortuz eta preso kopuru handia hartuz. José Bonapartek berak eta Jourdan mariskalak, jeneralburu gisa, zuzendu zituzten frantsesak.
Baliabide grafikoetara pasatu eta argitaratu ondoren, asko izan ziren Europa osoan zabaldu ziren marrazkiak; horiek oso baliagarriak izan ziren frantsesen kontrako borroken gertaeren eta gorabeheren berri emateko. Kasu honetan, armada aliatua zuzentzen zituzten Wellintongo Dukearen eta Alaba jeneral laguntzaile nagusiaren irudiez gain, nabarmentzekoa da –plano urrunagoan eta askoz ere tamaina txikiagoan– José Bonaparteren irudia, gurdi irekin batean Gasteiztik arin batean ihes eginez. Lehenengo planoan, konboia osatzen zuten ekipajearen gurdiak eta armamentua; porrotaren ondoren, frantsesek bertan behera utzi behar izan zituzten armada aliatua oso hurbil zegoelako eta igaro behar zuten bidearen egoera oso kaskarra zelako.
1813ko uztailaren 16a
G. Thompson-ek argitara emandakoa, Londresen.
Akuaforte koloreztatua
385 x 490 mm
[0672 zk]

Nabarmendutako piezak
Gurpil giltza duen pistola alemaniarra
Suzko armen mekanismoak hobetzeko teknologia baten bila, XVI. mendearen hasieran tiro egiteko sistema berria garatu zen, “gurpil giltza”, hain zuzen ere. Jatorri alemaniarreko mekanismoak konpondu asmo zituen aurreko armek zituzten arazoetariko batzuk; izan ere, metxa edo serpentina giltza zuten armak ez ziren fidagarriegiak leku hezeetan, eta toki horiek oso ohikoak izaten ziren borroka zelaietan. Erloju sistema batean oinarri hartuta, gurpil koskadun bat harri zuri, suharri edo pirita baten kontra arin-arin biratzean txinpartak sortzen ziren eta horrek bolboraren eztanda eragiten zuen.
Sistema konplexua eta garestia zenez gero, erabilera handiagoa izan zuten eremu zibilean militarrean baino; beraz, luxuzko arma bihurtu ziren. Sarri askotan, pistola luze honetan ikusten den bezala, arma mota hauek guztiz apaindurik zeuden eta, horretarako, marfil landuko inkrustazioak erabiltzen ziren, zur iluneko kolorearekin kontrastean eta betiere kanoiaren ingurua batere apaindu gabe. Kulata erremataturik dago inkrustazioak eta gerlari baten irudia dituen helduleku esferiko bat erabiliz.
Pistola alemaniarra / Pistola alemana by Diputación Foral de Alava / Arabako Foru Aldundia on Sketchfab
XVI. mende amaieratik XVII. mende hasierara bitartekoa
Metala, zura eta marfila
22 x 53,4 x 9 cm
[0613 zk]

Nabarmendutako piezak
Abaniko ingelesa, 1808ko maiatzaren 2ko irudia duena
Abaniko tolesgarria, jatorria VII. mendeko Japonian duena, XVI. mendean iritsi zen Europara, Ekialderekiko merkataritza erlazioen bitartez; hurrengo mendeetan hedapen handia izan zuen hainbat herrialdetan, hala nola Italian, Frantzian, Espainian edo Ingalaterran, betiere gizartearen goi mailetako emakumezkoen sinbolo dotore eta bereizgarri gisa.
Gaiak askotarikoak izanik (irudi xaloak, alegorikoak, politikoak edo oroitzapenezkoak), XIX. mendean abanikoetan ekitaldiak, ospakizunak edo egun bereziak gogorarazteko joera areagotu zen. Pieza honek, esate baterako, men egiten dio Madrilen Daoiz eta Velarde kapitainek armada frantsesarekin 1808ko maiatzaren 2an izandako borrokari, Monteleóneko artilleria kuartela defendatzeko; horixe izan zen Independentziako Gerra sorrarazi zuen gertaeretariko bat. Londresko Berhmann & Collmann establezimenduak hainbat estanpa egin zituen gerra horretako gertaeren berri ematen zuten irudietatik abiatuz; gauzak horrela, hainbat abaniko egin ziren Espainiako merkataritzara zuzenduak.
Abanikoen oihala apaintzeko grabatuaren teknika erabili izanak aldaketa handiak ekarri zizkion lanbide honi. Ez da ahaztu behar lehenago eskuz margotzen zirela. Oihalen inpresioak ekoizpenaren hazkundea eragin zuen; gainera, pieza kopuru handia egiteko aukera eman zuen diseinu bera erabiliz. Ondorio nagusietariko bat izan zen abanikoaren demokratizazioa eta gizarte klase zabalagoek erabiltzeko aukera zabaldu izana.
1813
Inprimatzailea: Berhmann & Collmann, Londres
Papera, zura eta nakarra
45 x 26 cm
[0771 zk]

Nabarmendutako piezak
Malaysiako krisa
Krisa, “keris” gisara ere ezaguna dena, gaur egun Malaysia eta Indonesia modura ezagutzen ditugun herrialdeetako labain tradizionala da; hala eta guztiz ere, labain horren diseinua Asiako hego-ekialdeko beste herrialde batzuetara zabaldu zen, hala nola Filipinetara.
Erabilera pertsonal eta zeremonialerako arma zuri bat da, neurri ertainekoa; izan ere, haren xafla 30 eta 60 zentimetro bitartekoa da, txikia ezpata bat izateko, baina aski handia labaina izateko.
Bi ahoko daga bat da, xafla ondulatua duena, eta konnotazio magiko eta mistiko garrantzitsua izan ohi du. Materialei dagokienez, nabarmentzekoa da metal aberatsen erabilera, hala nola zilarrarena, urrearena eta kalitatezko zurena, bai heldulekuan bai zorroan. 2005eko azarotik tipologia hori UNESCOren Ahozko Ondarearen eta Ondare Immaterialaren Maisulantzat hartu da, haren balio historiko, antropologiko eta estetikoari men eginda.
Arabako Arma Museoak arma zuri mota hauen multzo garrantzitsua dauka. Horien artetik, kris hau nabarmen dezakegu apaingarri oparoak dituelako; izan ere, haren heldulekua urre-koloreko brontzeaz eginda dago eta apaingarri geometrikoak eta begetalak ditu, bai eta lore begikoaren erako ezpata sagarra ere. Pieza osatzeko, ebanozko zur landuaz egindako zorro bat daukagu, letoiaz apaindua.
XIX. mendea
Brontzea, letoia eta zura
55,5 x 12 cm
[1021 zk]

Nabarmendutako piezak
Jantzi barruko ezpata
XV. mendetik aurrera, jantzi barruko ezpata sartzen hasi zen; izan ere, Erdi Aroko ezpata baino arinagoa zen, gizarte joerak aldatu ziren eta, gainera, haren erabilera kaperatasun sinbolotzat hartzen zen. Terminoak, espainiar jatorria duenak, men egiten dio ezpata mota hau arropa zibiletan aldean-aldean eramateko usadioari. Azken batean, horixe izan zen modan jarritako joera.
Arma mota hauen bilakaera batik bat esku babesean ikus daiteke, ezpata burua babesten duen zatian, hain zuzen ere. Hasiera batean lazokoak izan ziren eta ia-ia hatz koskorrak baino ez zituzten babesten. Horren ondoren, forma eta apaindura korapilatsuagoak hartu zituzten, adar edo eraztun erakoak. XVI. eta XVII. mendeetan ezpataren oskolak oso-osorik babesten zuen eskua.
Kasu honetan Italiako jatorria duen ezpata bat da, kalitatezko estoke bat, burdina zizelkatuko ezpata-buru landuagatik nabarmentzen dena; animalien eta begetalen apaingarri ugari ikus daitezke, bai eta pertsonaia bizardun baten burua ere esku-babesaren bi aldeetan.
XV. mendea
Metala
119 x 17 x 4 cm
[0243 zk]

Nabarmendutako piezak
Samuraien armadura
Japoniako armadurek erakargarritasun handia dute, kultura urrun batean jatorria dutelako eta, gainera, oso bakanak direlako Europako bildumetan.
Museoan dauden Japoniako armadurak X. eta XII. mendekoak dira, eta samuraien hasierari lotzen zaizkio. Samuraiak eliteko gerlariak izan ziren eta botere handia izan zuten. Samuraien garapena herrialdearen beraren bilakaerari estu lotzen zaio, gerra eta bake garaien arabera. Samuraien goreneko aldia XV. mendea izan zen, dinastien arteko guda etengabeak eta gizarte matxinadak zirela kausa. Edo edo Tokugawa aldia (bakealdia, 1603 eta 1868 urteen artean) etortzeaz batera, samuraien armaduren babes eginkizuna apaldu zen eta alderdi apaingarriak nagusitu ziren. Hala, balio sinboliko eta adierazkorra gailendu zen denboraren poderioz.
Hasiera batean, bolumen handikoak eta astunak ziren armadurak, baina metalaz gain, larrua eta zeta erabiltzen hasi ziren babeskia arintzeko eta errazago mugitzeko oinez zein zaldi gainean borrokan egiteko.
Armadura osatzen duten pieza ugarien artean, kaskoa edo kabuto izenekoa, maskara edo mozorroa eta koraza, bular-oskola edo do izenekoa nabarmendu behar ditugu. Hurrenez hurren, kaskoak gerlariaren maila adierazten zuen; mozorroa arerioak beldurtzeko ere erabiltzen zen; eta koraza funtsezkoa zen, gerlariaren aurrealdea babesteaz gain, armaduraren tipologia zehazten zuelako. Armaduraren beste elementu batzuk ondokoak ditugu: gona laburra edo haidate, zango-babesak edo suneate, eta oinetakoak, larruzko botak edo jutezko sandaliak, tabi izenekoak.
XIX. mendea. Edo aldiaren amaiera
Naka Hachiman, Minamoto no Yoshiichi
Altzairua, kartoia, larrua, laka urushi beltz eta gorria, zeta, kotoia, kobrea, eztainua, urrea, adarra
162 x 58 x 44 cm
[0680 zk]

Nabarmendutako piezak
Wellingtongo Dukearen kanpaina kutxa
Kanpaina kutxa hau Wellingtongo Dukearen titulua eskuratutako Arthur Wellesley-rena izan zen. Independentziako Gerran Espainian armada aliatuaren agintea zuen eta Miguel Ricardo Alaba jeneralaren ondoan borrokatu zen frantsesen aurka; horren ondorioz, haien arteko adiskidantzazko harremanak sendotu ziren eta horren erakusgarri dira Wellingtongo Dukeak Alaba jeneralari egindako opariak, adibidez tea hartzeko kutxa hau.
Ingalaterrako kutxa da, egin-eginean ere Londresko Samuell & Henry Pratt konpainiak egindakoa; alboetan heldulekuak ditu, beltzez margotutako larruak estaltzen du eta barrualdean paperez eta oihal urdinaz forraturik dago. Ertzek metalezko errefortzuak dituzte eta oinarrian zirrituak dituen bi taula ditu iltzaturik, zelabereari lotzeko erabiltzen ziren zingiletan jarri ahal izateko.
Jatorrian kutxa berezi honek lau pertsonarentzako zerbitzu oso bat hartzen zuen barruan; 50 lanabesek osatzen zuten eta horietatik gaur egun 38 gordetzen dira. Kanpora atera zitezkeen bi erretiluk banatzen zuten kutxa, eta pieza bakoitzak bere lekua zeukan, ingelesez idatzitako kartel bakoitzaren bitartez identifikatua.
Gaur egunean toskako ontziteria apainduaren zenbait pieza gordetzen dira: tea hartzeko kikarak eta platerak, arrautzontziak, gatzontziak, teontziak, estalkidun iraztontziak, bai eta metalezko bestelako objektu batzuk, hala nola edalontziak, argimutilak, kandela itzeltzekoak eta marfilezko kirtena duten mahai tresnak.
c. 1813
Egilea: Samuell & Henry Pratt (Londres)
Zura, tosta esmaltatua, metala, papera, ehuna
45 x 30 x 31 cm (itxita)
[0766 zk]
Nabarmendutako beste pieza batzuk

Nabarmendutako piezak
Alava Jeneralaren erretratua
Erretratu honek Miguel de Álavaren bustoa erakusten du, soinean arropa zibila eta kapa handi ireki bat dituela, Waterlooko domina agerian utzita. Domina hori 1815ean eman zitzaien Napoleon behin betiko garaitu zuen batailan parte hartu zuten gudari, ofizial eta agintari aliatu guztiei. Álava Jeneralak bataila horretan parte hartu zuen Wellingtongo Dukearen Estatu Nagusiaren barruan.
Fernando VII.ak hamarkada gaitzesgarria izenekoan liberalen aurka egindako jazarpenaren ondorioz Álava Jenerala Londonen erbesteratu politiko gisa bizi zen urteetako data du erretratu honek.
Hiru klerako teknika (à trois crayons) erabilita paper gainean egindako marrazkia da, Francis William Wilkin (1791-1842) margolari eta grabatzaile ingelesak egina, hots, garai hartan goi-mailako sozietate britainiarraren ohiko erretratugileak.
1823 - 1833
Francis William Wilkin (1791 – 1842)
Pastela / papera
754 x 630 mm
[2146 zk]

Nabarmendutako piezak
"Monte Bernorio" motako zorroa eta sastakaia
Gizakiak metalak, kobrea, brontzea eta beste aleazio batzuk eta, batez ere, burdina erabiltzen hasi zirenean, lanabes asko garatu zituzten eta erabilera ugari eman zizkieten, hala nola, lan egiteko, apaintzeko edo borrokatzeko.
Sastakai honen izena Palentziako Bernorio mendian dagoen aztarnategitik dator, sastakai horren zenbait tipologia idoro baitziren XIX. mendean. Armaren jatorria Gaztelako Mesetan bizi izan ziren herrien kulturatik omen dator, hain zuzen ere, K.a. IV. mendean Duero ibaiaren arroan bizi izan ziren herrien kulturatik. Gero, tipologia hori desagertu zen, beste batera bilakatu gabe. Mota horretako piezak nekropolietako hiletako hatuetan agertu ohi dira, jabeen ondoan lurperatuta.
Erakusgai dagoen pieza honetan, tipologiaren ezaugarri formalak konplexutasuna eta zorroaren apaindura oparoa ikus ditzakegu. Azkena zilarrez eta kobrez egindako damaskinatuz apainduta dago aurrealdean eta lau diskoz errematatuta. Soin uhaletik edo gerrikotik zintzilik eramaten ziren, hots, sorbaldatik edo gerritik lotuta, eta 20 edo 30 zentimetro luze ziren.
Zorroa eta sastakaia / Vaina y puñal by Diputación Foral de Alava / Arabako Foru Aldundia on Sketchfab
II. Burdin Aroa. K.a. IV. mendea.
Burdina, zilarra eta kobrea
37 x 14,5 cm
[1095 zk]

Nabarmendutako piezak
Pompeo Della Chiesa eskolako armadura milandarra
XV. mendetik aurrera Europan armadurak egiteko manufaktura zentro nagusiak Alemanian eta Italian kokatu ziren. Milaneko armadurak Europako hainbat lekutara iristen ziren, esate baterako Ingalaterrara edo Espainiara; agintariek hiri horretako armaginei erosten zizkieten, haien kalitateak eta estiloak txundituta.
Della Chiesa izeneko tailerra garai hartako garrantzitsuenetariko bat izan zen. Europako gorte nagusi askorentzat lan egin zuen, Espainiako Felipe II.arenarentzat edo Parmako Dukerriko Farnese familiarentzat.
Zenbait zati artikulatuk osatzen zuten borrokalaria oso-osorik estaltzen zuen armadura hau. Akabera biribildua eta laua zen; Milaneko tailerretan ezaugarri hori ohikoa zen, Alemaniako armaduren ertz sendoetan ikusten zenaz bestaldekoa, hain zuzen ere. Italiako artisautza eskolaren estiloari jarraiki, nabarmentzekoa da armaduraren pieza guztiak estaltzen dituen apaindura bikaina dela, garaikurren, gruteskoen eta filigranen erakoa; horrek armadura Errenazimenduko artelan bihurtzen zuen, bai eta borrokalariarentzako jantzi dotore ere.
XVI. mende amaieratik XVII. mende hasierara bitartean
Altzairua, larrua eta ehuna
176 x 66 x 40 cm
[0085 zk]


1813ko Gasteizko batailaren 212. Urteurrena
Bisita gidatuak birsotzaileekin, azalpen historikoak eta antzinako emanaldiak.
Antolatzailea: 1813ko GASTEIZKO BATAILAREN AISIALDI HISTORIKOAREN ELKARTEA
Frai Francisco ibilbidea, 3
1813ko GASTEIZKO BATAILAREN AISIALDI HISTORIKOAREN ELKARTEA
